Estatuen esku-hartzea gelditu!




ESPAINIAKO GOBERNUAREN ESKU-HARTZEA SALATZEKO ELKARRETARATZEAK DEITU DITU KONTSEILUAK

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijoren bidez euskararen normalizazioa galgatzeko abiatutako erasoaldia salatu nahi dugu. Izan ere, joan den abenduan onartutako Euskararen Erabilera Plana bidaltzeko eskatu dio Erandioko Udalari, beste hainbat erakunderi jarritako traben bide beretik. Horregatik, herritarrei dei egiten diegu apirilaren 9an, asteazkenean, euskararen normalizazioa helburu duten neurriak babesteko eta Estatuen esku-hartzea salatzeko egingo diren elkarretaratzeetan parte hartu dezaten.
Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu duenez, "udalek euskararen normalizazioan aurrera egiteko hartu dituzten neurriak, herritarron eskubideak bermatzeko urratsak dira eta zentzu horretan herritarroi ere badagokigu neurri horiek babestu eta kanpo esku-hartzea salatzea. Horretarako, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijoren mehatxu eta salaketak jaso dituzten udalerrietan elkarretaratzeak egingo ditugu apirilaren 9an".
Kontzentrazioak herrietako Udaletxe aurreko plazetan egingo dira "Estatuen esku-hartzea gelditu" lelopean eta lelo hori irudikatzeko eskuak koloretako margoekin busti ondoren, gelditzeko keinua egingo zaie Estatuei.
Herritarrak egunerokoan euskaraz bizitzeko hautua egiten jarraitzera animatu ditu Kontseiluko ordezkariak eta instituzioak euskaraz bizi gaitezen neurriak hartzera. "Guk, euskalgintzak, hizkuntza-politika eraginkorrak ezartzeko bidean urratsak ematen dituztenak babesten jarraituko dugu. Ondoan izango gaituzte".